XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zein zen epaimahaiak Iraolaren bertsoez zuen eritzia? Polita da amaikagarrena; baiña berba bat edo beste daukaz izkindeari eztagokion erara. Onezaz ganera ezta aiñ euskaltasunez betea, eztoa euskaldunen biotzak euren erriarentzako maitetasuna sutu ta biztutera.

Neska eta gizon baten arteko maitasun solasaldi eta jolasaldiaren berri ematen digu modu atsegin batez Biktoriano Iraolak: ur bila doan neska ehiztariak nola gorteiatzen duen (zein ahalegin egiten dituen) azaltzen digu.

Erabilitako hizkuntza mailari bagagozkio, ulerterreza dela esan behar. Gipuzkera da: allegatzen, dan, aiñ, billa, zerade...

Ez dakigu zein izen eman ahapaldi honi: lau lerrodun eta bi puntukoa. Ahapaldiak orotara, 12 dira.

Madalen poema, atal desberdinetan bana dezakegu: lehenengo bi ahapaldietan iturria aurkitzen den lekua deskribatzen zaigu; ondorengo hiruretan aldiz, Madalen dugu hizketagai.

Bost ahapaldiok, istorioaren sarrera osatuko lukete. Seigarren ahapaldiak ehiztariari sarrera ematen dio; zazpigarrenak, elkarrizketari ematen dio bide; 8-9-10- eta 11. ahapaldiak, Madalen eta ehiztariaren arteko elkarrizketak betetzen dituzte: hau da istorioaren korapiloa; 12.ak, istorioari amaiera ematen dio gatz puntu batez.

Estrofaz-estrofako azterketa sakonegia delakoan, ezaugarri aipagarrienak adierazi besterik ez dugu egingo: orainaldian emana zaigu istorioa, kontatu egiten zaigu, oso da narratiboa, dramatikoa esango genuke (antzezteko aproposa). Aipatzekoa da lan honek naturarekin gordetzen duen lotura: mendi, harkaitz, gerizpe, txori, ur, eguzki, belartxua,... hitzak darabiltza Iraolak.

Mendia eta baserria dikotomia ere agertzen da: ehiztaria, menditik jeisten da (basati da), Madalen, mendi oinean aurkitzen da, baserritik zerbait apartean. Biktorianok darabiltzan metaforak (aingerua, loria...) ohikoak dira. Elkarrizketan nabaritzen den argitasun falta, polisemia ere aipatzekoa da (ehiztariak pegar garbitik ura emateko, egarri dela eta esaten dio Madaleni).

Bigarren saria, Juan Ignacio Urangaren 98 eskuetan geratu zen. Errenterian jaio zen 1863. urtean eta Donostian hil 1934.ean. Donostiako Alde Zaharreko bizargina izan zen. Olerkari eta antzerkigile izan zen. Bere lanak Euskal-Erria eta Euskal Esnalean argitaratu zituzten. Zein eritzi zuen epaimahaiak Urangaren lanari buruz?